gure Faceboock bisitatu

Begiak lekuko

“Ez ditugu garai berriak aukeratzen, ez bederen ogi mota eta esne marka aukeratzen ditugun bezala. Baina, segur aski, boteretsuenek ere ez dute den-dena nahi bezain loturik izanen, maiz kontrako itxuretan tematzen diren arren. Hala ematen du, lagunok: inork ez ditu soka guztien muturrak. Eta horrek, gustatu ala ez, interesgarri egiten du mundu zalantzati hau.
Begietan errealitatearen kresalak min eman baldin badigu ere, gakoa begiradan dagoela uste dugu. Soan. Behakoan. Mugaldekoak, erraterako, laranja usaineko begirada batetik jaio ginen. Itxuraz txikia dena erraldoi bihur daitekeela kontatzeko, lagunartean kantatzeko. Gure begiak eta zuek lekuko.”
Literatura musikarekin uztartzen duen MUGALDEKOAK taldeak nolabaiteko antologia bat eskaintzea du xede oraingo honetan, guk maite ditugun zenbait abeslariren (Bob Dylan, Leonard Cohen, Vashti Bunyan, …) eta zenbait idazleren lanak (Wislawa Szymborska, Nazim Hikmet, Margarita Robleda…) euskarara ekarrita. Antologia izate horretatik datorkio, hain zuzen, izena egitasmo berriari: munduan ikusitakoa Euskal Herrira ekarri nahi izan dugu; nahiz eta, bidaian, geure pieza, moldapen nahiz ukitu zenbait ere txertatu diren.
Taldeak Gaztelupeko Hotsak disketxearekin 2012ko udan grabatu berri den Begiak lekuko lana aurkezteko asmoa da honako hau. Horretarako, pop-rock, folk, blues eta country kutsuko musikaz gainera, arte eszenikoei muzin egin nahi ez dien ikuskizuna prestatu da, publikoa eszenatokian gertatzen den ororen lekuko izateko. Gurekin batera, lekuko eta partaide.

  • ITZULIKO GARA!